ADIMENA

Berritzeko gogoak, desiratzeko emozioak, ibiltzeko antolaketa, aurrera egiteko utopiak

Atal honetan Ildo Estrategikoei buruzko informazioa aurkituko duzu.
Azalpen-bideoak ikus ditzakezu, informazioa orriaren behealdeko hedagarrietan irakur dezakezu edo informazio guztia PDF formatuan deskargatu dezakezu.

ILDO ESTRATEGIKOAK

Laster, biltzarraren Ildo Estrategikoak azaltzen dituzten bideoak aurkituko dituzu atal honetan.

1. Ildo Estrategikoa. Gorputzak eta lurraldeak

Hamarkada batzuetatik hona borroka feministek gorputza jarri dute euren indar mobilizatzaile nagusien artean. Feminismo kritikoek gorputza analisi-kategoria gisa ikusarazi izan dute, hortik mundua ulertzeko. Eta egindako ekarpenek agerian utzi dute generoa, beste zapalkuntza-ardatz batzuekin batera, gorputz arrazializatuen gaineko menderatze kulturaleko mekanismoa dela.

Gorputzari buruzko eztabaida eta esperientzia anitzetatik ikasten dugu kapitalismoari, kolonialismoari eta heteropatriarkatuari aurre egiteko gai diren begirada kritiko eta kontrahegemonikoak biltzeko eta elkarrekin proiektu politiko emantzipatzailea eraikitzeko asmoz. Izan ere, jakin badakigu gaur egun zeharkatzen gaituzten krisiei aurre egiteko, gorputzak eta lurraldeak kontuan hartzen dituzten alternatibak kolektiboki pentsatu eta eraiki behar ditugula.

Horretarako, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren V. Biltzar honek, besteak beste, gorputzaren eta lurraldearen ulermen kritikora eta haren interesera hurbiltzeko erronka du. Alde batetik, gorputzaren eta lurraldeen inguruko ezagutza sustatzeko eta, bestetik, gizarte-eraldaketarako prozesuak kolektiboki eraikitako kultura-proiektu ahalduntzaile batetik abiatzeko.

Gorputzetik eta lurraldetik pentsatzeak eta aritzeak lurralde zehatz batean kokatutako gorputzen bizitza-esperientzietatik ikasteko aukera ematen du. Ez dezagun ahaztu konkistatutako eskubideak, eragindako gizarte-eraldaketak, gorputz horiek bultzatzen dituztela, planetako hainbat bazterretan borroka duin eta matxinoak defendatzen bizi eta hiltzen direnek, hain zuzen. Horregatik, gorputzetatik abiatuta eta testuinguru soziokultural eta politiko jakin batean errotuta ulertzen dugu hezkuntza-ekintza. “Kokatutako ezagutza” izendatzen duguna, gure ulertzeko eta jarduteko moduan ezinbestean eragiten dion gizarte-posizionamenduari erreferentzia eginez.

Halaber, kokatutako ezagutzak bizitzaren dimentsio arrazionala eta emozionala funtsezkoak direla hezkuntza-prozesuetan agerian uzten du, Abya Yalatik datorren sentipentsatzearen proposamenaren ildotik. Proposamen horrek, alde batetik, gorputz/buru binomio finkatua desagerraraztea eskatzen du, eta, bestetik, arrazoia ezagutzaren jatorri bakartzat ez jotzea. Jakintza dekolonizatuz, “ezagutza” forma anitz eta askotarikoen bidez eraikitzen dela erakutsiz.

Gorputzetan eta lurraldeetan oinarritutako pentsamenduek mendebaldeko epistemologiatik ihes egiteko aukera eman dezakete. Oraindik indarrean dagoen teoria akademikoen  hegemoniari desafio egiteko. Erronka horretan, ikasteko eta desikasteko praktika pedagogikoak berreskuratu nahi ditugu, diskurtso hegemonikoari aurre egiteaz gain, ikasteko moduak ere zalantzan jarriz. Hori dela eta, aspaldi salatu zen bezala, arazoa ez da kapitalismoa bera bakarrik, baizik eta kapitalismoak gugan daukan eragina. Eta, era berean, patriarkatuak, arrazakeriak eta kolonialitateak gugan daukaten eragina. Nola egin aurre gugan duten eraginari?

Iraultza sozial eta kulturala jokoan da. Horregatik, esperientzia eta jakintza emantzipatzaileak gorpuzten dituzten prozesu eta subjektu politikoen arteko elkarrizketaren beharra daukagu, prozesu eta subjektu horiek sortu diren tokia edozein izanik ere.

2. Ildo Estrategikoa. Komunitate-eraikuntza

Kultura nagusiak pertsonen, kolektiboen eta komunitateen indibidualizazioa eta despolitizazioa sustatzen dituen une hauetan, Komunitate-eraikuntza proposatzen duen hezkuntza-ekintzaren alde egiteak berez ekintza errebelde eta kontrahegemoniko bihurtzen du.

Gure ustez, komunitate-eraikuntza hezkuntza-prozesu baten barnean dago. Prozesu horrek komunitatea oinarrizko subjektu politiko gisa kokatzen du, eta gizarte-proiektu propioa eraikitzen uzten du. Beti ere, behetik gora abiatutakoa eta gizarte feminista baten aldekoa. Zaintzak kontuan hartuz eta bizitza duin eta zoriontsuagoak garatzeko ingurune justu, bidezko eta jasangarriak sortzeko behar diren konplizitateak ehunduz.

Komunitate-eraikuntzak bizikidetza sortzen duen gizarte-lotura sendotzen laguntzen du, eta horrek kidetasunaren, erantzunkidetasunaren eta elkartasun solidarioaren zentzua indartzen du kideen artean.

Komunitateak egiten duen lana komunaren eremuan mugitzen da, babestu edo sustatu nahi den horretan, multzoari mesede egiten dionaren bila. Gauza materialez arduratzen da, baina baita sinbolikoez ere. Horregatik komunitarioak existentziari zentzua ematen diola esaten dugu. Kolektiboaren defentsak, artikulazio-modu eta mobilizazio-estrategia gisa, publikoaren aldeko borrokan du isla. Kontuan izanik jabetza publikoa (Estatuaren ardurara soilik mugatu gabe eta merkatu-logikaren menpetik at) funtsezkoa dela bazterkeria eta prekarizazioa gainditzeko.

Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzak ere nahitaezko dinamika pedagogikotzat du komunitate-eraikuntza. Hala ere, agerian uzten du dinamika konplexuak direla, gatazkak sortu dezaketen dinamikak, hain zuzen.

Are gehiago dinamika parte-hartzaileak sustatzeko, horiek ikasteko eta ahalduntzeko estrategiak beharrezkoak direla nabarmentzen du. Estrategia inklusiboak, aniztasuna kulturartekotasun askatzailetik lantzen dutenak, dauden botere-asimetriez jabetuta eta gure buruari begirada kritikoa emateko gai direnak, hori guztiori kontuan hartuta elkarrizketa horizontalak ezartzeko.

Hainbat ahots, jakintza eta esperientzia berreskuratzen dira komunitate-eraikuntzako prozesuetan. Horiek indarrean dagoen proiektu kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialaren aurkako dinamikak pentsatzeko ezagutza baliotsua ekarri ez ezik, nahi dugun proiektu sozial, politiko, hezitzaile, ekonomiko eta kultural emantzipatzailea lortzeko ezinbestekoak direlako.

3. Ildo Estrategikoa. Aurrea hartzen duen ikaskuntza

Duela 50 urte, Erromako Klubaren “Ikastea: mugarik gabeko horizontea” txostenak jada aipatzen zuen etorkizuneko krisien ziurgabetasunei aurre egiteko funtsezko ezaugarri bat aurrea hartzea zela. “Aurrea hartzen duen ikaskuntza” shock-ean egindako ikaskuntzaren alternatiba da. Izan ere, shock-ean egindako ikaskuntzak ikaskuntza erradikalak sortzen ditu, baina aldaketarako potentzial txikia du krisiak jada hasita daudenean.

“Aurrea hartzen duen ikaskuntza” izenarekin definitu zen estrategiaren erabilera hezkuntza-eremuan mantendu egin da, baina garrantzi handirik hartu gabe. Hala ere, gaur egun, XXI. mende honetan geroz eta garrantzitsuagoa suertatzen da, izan ere,  igartzen ditugun krisiak geroz eta handiagoak, konplexuagoak, zalantzazkoagoak, zehaztugabeagoak dira.

Orientazio estrategiko horrek eredu hegemonikoa errealitatea ulertzeko ezartzen saiatzen den bi ikuspuntuei aurre egin behar die.

Lehenak etorkizuna eta hark izan ditzakeen krisiak iradokitzen ditu egungo ereduetan aldaketa sakonak egin gabe (ez arlo soziokulturalean, ez egituretan, ez inguruan eta ezta boterearen banaketan ere). Ikuspuntu honen arabera, etorkizuneko arriskuak erantzun zientifiko/teknologikoekin baino ez dira konponduko. Horrek ikuspegi kontserbadore eta katastrofikoa indartzen du. Munduko eliteak (boterearenak, zientziarenak eta teknologiarenak) etorkizunaren aurre hartzea mugatzen dute, munduko elitearen ongizatea bilatuz eta herritarrak eta komunitateak kontuan hartu gabe.

Begirada horrek ikuspegi kontserbadore eta katastrofikoa indartzen du, aurrea hartzen dutenak munduko eliteak –boterearenak eta zientziarenak eta teknologiarenak– izatea, baina herritartasunetik kanpo, komunitateetatik kanpo.

Eta bigarrenak, aurreiritzi kontserbadorearen antzeko blokeoa izanik guztiz kontrako emaitza du. Honako honek etorkizun beldurgarri eta irrazionalak eraikitzea du xede eta horien aurrean “ahal duenak salba dezala bere burua”. Nolanahi ere, eskatzen du indibidualismoan, xenofobian, lehiakortasunean, boterean eta baliabide-pilaketan oinarrituta ahalik eta ondoen prestatuta egotea, egungo eredu nagusiek eskaintzen dutena ahalik eta gehien aprobetxatuz.

Horren aurrean, “aurrea hartzen duen ikaskuntza” estrategikoa bihurtzen da. Estrategia honekin komunitatean, parte hartuz, kritikotasunean, modu analitikoan, prospektiboan, errealistan eta sortzailean egindako ikaskuntza bat sustatu ahal delako. Komunitateen interesei erantzuten dien utopian jaioa, bizitzaren, zaintzaren, jasangarritasunaren eta pertsona guztien eta ekosistemen eskubideen inguruan bira egiten duena.

Ikaskuntza hori ebaluatzailea ere bada, komunitateen botere emantzipatzaileak bultzatua eta bideak, saiakerak eta berrikuntza sozial eta kulturalak etengabe bilatzera eta aukeratzera bideratua. Horrela, aurreko mendean aurreratutako “aurrea hartzen duen ikaskuntza” birdimentsionatuko dugu.

“Denak berdin jarraituko du” edo “denak hondamendira garamatza” dioten jarreren aurrean, landu dezagun etorkizun desiragarrietarako trantsizioa. Ordena hegemonikoari erresistentzia eta gizarte eraldaketa sustatzen dugun agentzia guztien funtsezko eginkizuna da.

4. Ildo Estrategikoa. Sareak, aliantzak eta bestelako komunikazioak

Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren mugimenduak eraikuntza kolektiboko prozesu bat sortzearen alde egiten du, indarrean dagoen garapen kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialaren ereduak sortutako arazoen kontzientzian oinarrituta, bizitzaren jasangarritasunerantz aurrera egitea ahalbidetuko duena.

Ezinbestekoa da bizitza erdigunean jartzeko bide iraultzaile hori modu artikulatuan jorratzea, hezkuntza kritikoa ekoizten duten subjektuen multzoarekin aliantzan eta bestelako komunikazio batzuen bidez. Diskurtso hegemonikoei aurre egiteaz gain, komunikazio-prozesuak zalantzan jartzen dituzten bestelako komunikazioen bidez, hain zuzen. Praxi eraldatzailerantz igarotzeko helburuarekin.

“Pertsonala politikoa da” esamoldean oinarrituta, kolektiboen identitateak eta bizipenak beren borrokak eta aldarrikapenak zehazten dituzte. Beste maila batean, gizarte-mugimenduen aniztasuna sarean lantzeak egungo sisteman erlazionatzen diren eta erro bera duten zapalkuntza-ardatz anitzak ulertzen laguntzen du. Sektorizatutako borrokek sakabanaketa gainditzen dute, beste mugimendu batzuetakoekin bat egiteko eta artikulazio-espazioak sortzeko.

Sareko lana funtsezkoa da jardun kontrahegemonikoa indartzeko eta gizarte-eraldaketa desiratua sustatzeko. Hala ere, berrikuspen kritikoko ahalegin iraunkorrak eskatzen dituzten erronka garrantzitsuak ere baditu. Besteak beste, horizontalki lan egitea (sektore jakin baten nagusitasunik gabe); modu iraunkorrean lan egitea (sare eta aliantza iraunkorretan sakonduz); elkarrizketan (subjektuen agentzia politikoa ezagutuz eta errespetatuz); zalantzan jartzen gaituzten mugimenduekin lankidetzan aritzea; gatazkak gainditzea (gutxieneko akordioak ezarriz); eta sintomatikoari (eguneroko arazoei) erantzuna ematen saiatzea, gure helburua egiturazko aldaketak lortzea dela ahaztu gabe.

Hezkuntza emantzipatzailerantz aurrera egiteko, komunitate epistemikoen arteko aliantzak sortu behar dira –askotariko subjektu, komunitate eta lurraldeen artekoak–, hezkuntza formalaren, informalaren eta ez-formalaren mugetatik harago. Curriculuma eta praktika pedagogikoak praktika sozialekin artikulatzea eskatzen du, tradizionalki hezkuntza-eragiletzat hartu ez diren subjektuek sortzen duten hezkuntza-arrastoari balioa emanez.

Komunikazio-prozesu alternatiboek funtsezko zeregina dute lan horretan; subjektu emantzipatzaileen aniztasuna ikusarazteko ahalmena dute, isilarazi eta ikusezin bihurtu direnak barne, zentroen eta periferien arteko oztopoak suntsituz.

Dena den, komunikazioa modu konplexuan aldatu bada ere, eta haren sozializatzeko ahalmena handitu, komunikazio modu asko, korronte hegemonikoekin lerrokatzeaz gain, merkatu-logika batetik moldatutako espazioak dira. Gizarte-mugimenduen esperientziek botere hegemonikoaren dialektikaren aurka egitera gonbidatzen gaituzte, baita komunikazio-mekanismoen aurka ere, “eztabaidaezina” zalantzan jarri ahal izateko analisi konplexu, sentipentsalari, historiko-dekolonial eta aurreratuetatik. Bestelako komunikazio batzuetatik.